XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

4. ATALA: AULKI FINKOKO ARRAUNKETA: TOSTA

Euskal jatorria duen arraunketaren modalitate honek, aulki finkoak, badu bere untzian osagai bereizgarri bat: TOSTA.

Alegia, arraunlariaren eserleku gisa dagoen oholak tosta izena hartzen du, eta, ondorioz, modalitate hau adierazten duen beste terminoa ematen digu: Tostako arraunketa.

Arraunketa-era honetako untziei buruz esan behar da, mende honi dagokionez behintzat, honako hauek direla lehiaketetan nolabaiteko garrantzi eta iraupenez erabili izan diren untziak: banakako batela, lauko batela, trainerila eta, guzti hauetan nagusiena, trainerua.

Bakarkako modalitatean estropadak mende hasieratik ospatzen baziren ere, 20ko hamarkadan piztu zuten benetan zaleen ikusmina.

Lehenengo urte haietan, Inaxio Manterola Txokolate eta Erramun Solabarrieta oriotarrak gertatu ziren jaun eta jabe; baina, 1931.etik aurrera Pasaiako Paulino Arrillaga (sanpedrotarra) eta Francisco Lujanbio (sanjuandarra) nagusitzen hasi ziren.

Halere, oso laburra suertatu zen beren erregetza, hirugarren atalean adierazi dugun bezala, beste oriotarra, Inaxio Sarasua izan bait zen, 1932. urtean bertan hasita ezbairik gabeko txapelduna.

Artean, gipuzkoar hauen mailaraino iristen ez ziren arren Bizkaiko Isidro Hernando Cebolla bilbotarra nabarmendu zen Nerbioi aldean.

Mota honetako lehiaketak Gerrate Zibilak erro-errotik zapuztu zituen, eta orduz geroztik ez dira jokatzen.

Batelak eta trainerilak

Batelak izan dira aldaketa nabarmenena izan duten untziak aulki finkoan.

Txapelketa ofizialak hasi arte 1940eko hamarkadan, bateletako estropadetan arrantzako untziak erabiltzen ziren, lau gizonez, hauetako bat aldi berean arraunlari eta patroia izanik. KUTXA argazkia.